Arabiar literatura
Arabiar literatura (arabieraz: الأدب العربي, al-Adab al-‘Arabī) prosan zein poesian arabieraz idazten duten idazleen lana da. Arabieraz literaturari "Adab" diote, etiketaren ekarritako hitza dena eta edertasuna, kultura era aberastasuna adierazi nahi dituena.
"Mila gau eta bat gehiago" liburua (Hezār Afsaneh or Hezār wa-Yek Shab (persieraz) edo Kitāb 'Alf Layla wa-Layla (arabieraz) taldeko adierazgarriena da eta munduko literaturan eragin itzela eduki du, haren lehenengo aztarnak IX. mendekoak izanda.
Arabierazko idazle bakarrak Nobel Saria eskuratu du literatura kategorian (Nagib Mahfuz, 1988).
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Islam aurreko literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabiar literatura, islamari esker zabaldua, sendo eta indartsu zegoen VI. menderako. Arabiako iparraldeko eta Yemengo mendietako zabaldi mortuetan sortu zen, gameluak eta ardiak heste aberastasunik ez zuten nomaden artean . Lehenengo poemak rapsoden bitartez transmititu ziren ahoz aho, belaunaldiz belaunaldi, bi mende luzetan zehar. Lehenengo poema bildumak VIII. mendekoak dira, eta horietan ospetsuena Mu'allaquats da, zazpi odaren bilduma, arabiar literatura osoko poema onenetakotzat hartzen dena.
Beste poema bilduma ospetsu batzuk Mufaddaliyyat eta Diwan al-Hamasa dira, VIII eta IXK mendeetako poetenak. Basamortuko poeten artean aipagarria da Ta'abbata Sharran, osaba hil zion tribu etsaiaren aurkako mendeku kantu gogor baten egilea, eta baita Sahnfara ere, laztasun basatiz kontatzen dituena bere bidelapur egintzak.
Islamaren literatura. Omeiarren aldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Basamortuko mundu librearen beheraldia Mahomarekin eta Islamarekin hasi zen. Erlijio berriaren testua Korana da (al-Quran, «errezitatu») ; musulmanentzat Korana berdinik gabeko eredu imitaezina da, jainkoak berak diktatua delako bere profeta Mahomaren bidez. Koranak, beraz, arabiar literaturaren hizkuntza eta estilo kanonak finkatu zituen. Omeiarren aldian (661-750) arabiar idazleek amodio eta politika kontuez idatzi zuten batez ere, eta olerkigintza eskema tradizionalaren zurruntasunetik urruntzen da.
Aldi berean, Mekako eta Medinako hirietan, maitasunezko poesia mota berri bat sortu zen, gazal-a, greziar eta pertsiar poeten eraginez beharbada. Genero horretako olerkari bikainenak Omar Ibn Ahi Rabi'a (720an hila) eta Yamil (70lean hila) izan ziren.
Prosazko lehenengo lanak ere -Profetaren esaldiak edo haren bizitzari buruzko gertaerak- garai hartan idatzi ziren. Abbastarren aldia. Mahomaren lehen jarraitzaileen bandera zuria 750ean erori zen, etsai abbastarren beltzaren aurrean.
Abbastarren dinastian Islamak goren maila iritsi zuen zientzietan eta arteetan eta Bagdad izan zen kalifa herriaren politika eta kultura gune nagusia. Literatura produkzioak bestelako bidea hartu zuen eta jatorriz arabiarrak ez zirenengana bideratu zen lehenengo aldiz. Olerkigintza, halako handi aire bat hartuta, teknizismoz eta artifizioz aberastu zen, metaforen eta similen edertasunaren bila. Hori da filologoek al-badi deitu zuten «estilo berria»», eta Bashshar ibn Burd (787an hila) estilo hura arrakastaz erabili zuen lehenengo poeta. Bikainena, ordea, Abu Nuwas izan zen (762-813), Basorako eskolan ikasia eta Harun al-Raxid kalifa abbastarraren gortean bizitakoa. Haran al- Raxidek, alaia eta zinikoa, ardoaren kantaria, dantzariena eta efeboena, lorategiena eta ur garbiena, oinaze kosmikoaren sentimendu pertsiarra beduinoen pasiozko izaerarekin nahastu zuen. Gero, mistikan barrena abiatu zen, eta poema aszetikoak egin zituen. Oso bestelakoak dira haren garaikide Abu al-Atahiya (748-825), tradizio klasikoaren biltzailea eta poesia landuen egilea, eta al-Mu'tazz (980an hila), poema historiko baten egilea.
Hurrengo urteetan poesiak adierazpenaren dotoretasuna eta hizkuntzaren aberastasuna landu zituen bereziki, edukiaren kaltean. Politikan, kalifaren aginpidea txikituz joan zen eta tokian tokiko dinastiak nagusitu ziren. Garai hartako kultura gune handi bat Alepoko gortea da, askoren ustez arabiar poeta gailenena eman zuena : al- Mutanabbi (905-965). Aipagarria da, baita ere, Abul 'Ala al-Ma'arri (973-1057), bi poesia bildumen egilea.
Arabiar poesia Al-Andalusen
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabiar poesiak eskema zaharretan iraun zuen luzaroan Al-Andalusen. X. mendean ahapaldi forma berriak sortzen hasi ziren : lehenengo eta behin, muwashshah izenekoa, amodiozko gaietarako erabiltzen zena, eta zejel izenekoa gero, zabalkunde handia izan zuen Ibn Quzman trobadoreari esker. Baina Al-Andaluseko poeta handiena Ibn Zaidan izan zen, Wallada printzesaren laguna, edertasunaren mireslea, izadiaren eta atseginen kantaria, haina baita malenkoniarena eta etsipenarena ere.
Gainbehera eta mamelukoen garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1055ean turkiar seljuktarrak Bagdaden sartu zirenean, kalifa herria gainbehera hasi zen. Nolanahi ere, kulturaren munduan bi pentsamendu molde handi sortu ziren, "eskolastika", batetik, eta "sufismoa", bestetik ; bi adar horiek bat egin zuten suniten berpizkundean . Denetan handiena al Gazzali (1058-1111) teologo eta filosofia izan zen.
Bagdaden irakasle izan zen, eta aristotelismo islamdarraren ikerketa kritikoa egin zuen. Gehienbat al-Farabi eta Ibn Sinaren pentsamendua aztertu zuen. Haren obra nagusia, Erlijio zientzien biziberritzea, zientzia eta fede musulmanak ezagutzeko dokumentu garrantzitsuenetako bat da ; haren erlijiozko doktrina funtsezkoa gertatu zen islamaren bilakaeran.
Hark bezala eragin handia izan zuen Europako Erdi Aroko filosofia pentsamenduan Ibn Rushd (Sartaldean, Averroes izenez ezagunagoa) arabiar filosofoak ere. Kordoban jaioa zen (1126-1198). Ibn Rushden Aristotelesi buruzko iruzkinak eragin handia izan zuen Berpizkundea arteko Sartaldeko pentsalariengan.
Poesia trebetasun jokoetan galdu zen eta hien bitartean pertsierak loraldi izugarria izan zuen, eta artearen hizkuntza herria bihurtu zen. Hitz lauzko lanak entziklopedismora eta erudiziora bideratu ziren gehienbat. Prosa dotoreak garai hartan izan zuen idazlerik bikainena, al-Hariri (1054- 1122). Gramatikari buruzko poema didaktiko bat idatzi zuen, eta prosa errimaduna eta poesia biltzen dituzten 50 maqamat, arabiar literaturan bikaintasunaren eredutzat hartzen direnak. Mongoliarren bultzadaz kalifa herria desegin zenean hasi zen literaturaren benetako gainbehera. Nolanahi ere, idazle bikainak sortu ziren : Ibn Khaldun (1332-1406) tunisiar historialaria, Ibn Battuta bidaiari eta geografoa (1304-1377).
Herri literaturan aipagarria da Kitāb 'Alf Layla wa-Layla ("Mila gau eta bat gehiago"), sartaldeko irakurleen arabiar obrarik ezagunena.
Berpizkundea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Otomandarren konkistarekin (1517) kulturaren lozorro luze bat hasi zen Islamaren lurretan, eta Napoleon Egiptora iritsi arte iraun zuen (1798). Sortaldeko mundua harremanetan jarri zen Europakoarekin, batez ere Libanoko eta Siriako ikerlarien obraren bitartez. Hala, literatur molde berriak loratzeko premisak ezarri ziren. Gai berriak, arazo sozialekin eta politikoekin lotuta sarritan, aurkeztu zitzaizkien belaunaldi herriei, eta literatur molde berri batean elkartu ziren : eleberria (Haykal, 1888-1956) eta ipuina (Taymur, 1892-1921).
Arabiar mundu modernoaren ordezkari aipagarrienetako bat Taha Hussain da (1889- 1973), gizatasun handiko autobiografia bikain eta oso jakingarri baten egilea : al-Ayyam (Egunak). XX. mendeko garrantzi handiko heste idazle bat Tawfiq al-Hakim egiptoarra da (1898-1987). Eleberriak, antzerkia eta ipuinak idatzi zituen (1937, Kanpainako lege arduradun baten egunkaria). Poesia, genero klasikotik aldenduta, ahapaldi eta erritmo askatasunaren bila ibili da bien bitartean.
Idazle nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendean jaiotako idazleak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Mustafa Lutfi al-Manfaluti. Egipto (1876-1924).
- Khalil Gibran. Libano (1883-1931).
- Taha Hussein. Egipto (1889-1973).
XX. mendean jaiotako idazleak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Nagib Mahfuz. Egipto (1911-2006).
- Abd Al Rahman Munif. Saudi Arabia (1933-2004)
- Alaa Al Aswani. Egipto (1957-).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2018-3-28 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Center for Arabic Culture (Ingelesez)